Estreinaldia Espainian.
Aurkezpena eta solasaldia Sarah Vanagt (zuzendaria) eta Inés Calerorekin (programatzailea).
Sarah Vanagt Bruselan barrena dabil, kamera txiki bat hartuta, eta galtzada-harrien, adreiluen eta hodien artean etorkizuneko belaunaldientzako oharrak ezkutatzen dituzten langileak topatzen ditu. Langileak mezu horiek uzten filmatzen dituen bitartean, galdera hau planteatzen du: “eraikitzaile baten desira zapaltzen ari ote zara?”
Wishful filming jolas performatibo bat da eta, bertan, Bruselako zenbait langilek beren gurariak adierazteko gutunak idazten dituzte, botila batean mezu bat itsasora botatzen duenaren antzera. Baina itsasoan egon beharrean, desira horiek zementuak babesten ditu, adreilu, galtzada-harri edo hodien artean, egunen batean norbaitek irakurriko dituelakoan. Vanagt-en begirada ez da xaloa erakusten digun hiriarekiko. Leopoldo II.a erregearen figuraren bidez iragan koloniala gogoratuz, Europako erdigune aseptikotik aldentzen da, eta langile-klase migratzailearengan jartzen du arreta, kamera oso txiki bat erabiliz. Bere noraezean, zinemagileak hizketan jartzen ditu iraganeko eta etorkizuneko oharrak kaleek jada oihukatzen dizkiguten mezuekin: “Free Palestine”, “Growth kills”, “Smash the patriarchy”. Zinemagile belgikarrak Brusela gurariz betetako hiri gisa aurkezten duen film arin, samur eta atsegina sortu du. Pelikula itxaropena darion keinu aldarrikatzaile eta politikoa da, eta imajinatzera eta bilatzera gonbidatzen gaitu, eraikitzaileren baten gurariak inguruan ditugun hormen artean egon daitezke eta.
Inés Calero