Estreinaldia Espainian.
Aurkezpena eta solasaldia Nao Yoshigai (zuzendaria) eta Ekhiñe Etxeberriarekin (programatzailea).
Ama hil ondoren, Nao Yoshigai zen tenplu batera erretiratuko da, doluaren arrasto fisiko eta mentalek jota. Filmean zehar, onirikoaren eta egunerokotasunaren artean ibiliko da protagonista, loaren eta esnaldiaren artean, eta gune bat eratuz joango da, mina eramangarria egin eta lasaitasuna forma hartzen hasten den leku bat.
Masayume galeratik eratzen da. Gorputzetik. Jatea, lo egitea, arnasa hartzea eta halako oinarrizko ekintzak berriz ikasi beharretik. Amaren heriotzaren traumatik abiatuta, protagonistaren somatizazio fisiko eta mentalak arakatzen ditu filmak, eta denbora eseki batean kokatzen da, loaren eta esnaldiaren artean. Denbora luzatu egiten da eta eszenek arnasa hartzen dute. Etendura horrek izenburuaren esanahira garamatza zuzenean: amets batean gertatzen dena azkenean bizitza errealean gertatzen da.
Agian zuzendariak dantzarekin duen harremanagatik, galerak zeharkatutako bizitza baten pusketak elkartzen saiatzen den koreografia gisa eratzen da filma. Forma irekia, egitura markaturik gabea, non lengoaia eklektikoa erabiltzen baitu zuzendariak. Igaroaldi horretan eszena abstraktuagoak agertzen dira; gorputzak eta objektuak biraka, gorputza materia bizi eta aldakorra delako ideia iradokitzen dutenak eta, horiekin batera, zentro zenaren zurruntasuna eta isiltasuna, eta egunerokotasuneko irudiak eta keinuak. Etengabeko mugimendua da protagonistaren bizitzaren sekuentziak elkarrekin lotzen dituena, fineziak eta edertasunak zeharkaturiko film intimoa sortuz; jomuga ez da oinazea desagerraraztea, hari eustea eta existitzen uztea baizik, lasaitasunera hurbiltzeko modu gisa.
Ekhiñe Etxeberria