Estreinaldia Espainian.
Aurkezpena eta solasaldia Julián García Long (zuzendaria) eta Antonio Miguel Arenasekin (programatzailea).
Argentinako Patagonian kokatuta, lanaren hurbilketa sentsorialak uztartzen ditu begirada etnografikoa eta errealismo magikoa, sute baten suntsiketan barneratzean, Lanin Parke Nazionalean, non maputxeak mendez mende indarkeria eta abandonu instituzionalaren kontra borrokatu diren.
Bi gizonek zaldi bat inguratzen dute. Bidea zabaltzen diote, pazientziaz, alanbre-hesi bat igaro dezan. Urrutitik ikusten dugu eszena, adi animaliaren mugimenduei, animalia noblea, oldartsua, arrastorik utzi gabe desagertzen dena. Baina kamerak bere horretan jarraitzen du eta bi gazteak aurkezten dizkigu, kamioneta batean paisaia zeharkatzen ari direnak, iraungitzear dagoen antzinako bizimodu eta tradizio baten lekuko.
Ñorquincón gaude, Argentinako Patagonia erdian, non sute bat izan da komunitate indigenak pairatu duen azken mehatxua, mingarriena. “Erre zen eremuan gaua da; bestean, eguna”, diosku Parke Nazionala basoberritzen diharduen herri maputxearen ahots ugarietako batek. Eta esan genezake horrela dabilela erregistro bisuala, argiaren eta itzalaren artean mugituz, bijilia egoera batean murgilduta, bere buruari galdezka baso bat filmatzeko modu posible guztien inguruan. Gaueko kamera baten seinale gorri leun batek gidatuta, zuhaitz baten adaburu baten ikuspegi pribilegiatutik, oihana basoberritzen saiatzen, haziz hazi, landarez landare.
Artesanala bezain espirituala den egitekoa, zeinaren lekukoak garen, zimelduz doan maiteari eginiko fereka baten lekuko garen bezala. Fereka bat eta fereka horretatik sortzen den milaka urteko arima bat, herri maputxearen mendez mendeko borrokaren lekuko samindua, ikusleari erakutsiz hitzekin kontaezina dena: mendiaren beraren begirada espektrala.
Antonio Miguel Arenas