Tokiko talentua industria globalarekin lotuko dute Iruñean dokumentalen jaialdi eta erakunde ospetsuenetako dozena bat arduradunek baino gehiagok, Europako sareekiko aliantzek, nazioarteko erakundeen aintzatespenek eta programa profesionalek
Iruñea zinema dokumentaleko profesionalen arteko topaketarako gune estrategikoa izango da aurten ere, Punto de Vistaren hurrengo edizioari esker, hogeigarren urteurrena ospatuko baitu apirilaren 20tik 25era bitartean. Bere programazio zainduarekin bat eginez, jaialdiak urteetako lana sendotu du jarduera bizia hedatzeko zinegileen, erakundeen, industriako eragileen eta nazioarteko plataformen arteko harremanak bideratzeko, tokiko talentuaren zerbitzura ekosistema bat jarrita, non trukea eta lankidetza erdigunean kokatzen diren.
Punto de Vista jaialdia Nafarroako Gobernuak sustatzen du eta NICDO sozietate publikoak antolatzen du, eta bultzatzen duen ereduak Nafarroan jartzen du fokua, balioa sortzen du eta lurraldera bihurtzen du balio hori: horrelako ekitaldi batetik kanpo nekez ikus litekeen zinema erakusteaz gain, lotura profesional estrategikoak bultzatzen ditu jaialdi honek.
Aste osoan zehar, tokiko talentuak nazioarteko panoramako funtsezko solaskideengana iristeko aukera izango du Nafarroan, eta hurbileko eta zuzeneko elkarrizketa, aukeren identifikazioa eta proiektuen zirkulazioa bultzatuko dira. Izan ere, alor horretan -zinema dokumental esperimentala-, egileentzat prozesu ahul eta zailenetakoa da obrak ikusgai jartzea eta banatzea. Horren harira, jaialdi hau ate bat da talentuarentzat, esparru horretatik kanpo sarbide zaila izango bailukete eragileek.
Nazioarteko eta nazioko ikus-entzunezko ekosistemaren sare nagusietan integratzea eta aintzatestea
Punto de Vistak ospe handia hartu du nazioartean, sektoreko sare nagusietako batzuek aintzatetsi baitute eta haien barnean baitago. Duela gutxi, FIAPFek (Film Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioa) akreditatu du Punto de Vista jaialdia. FIAPF erakundea mundu-mailan kalitate-zigilu bihurtu da jaialdiak baloratzeko bere estandarrarekin. Balioespen horrek ziurtatzen du jaialdi garrantzitsua dela, eta Espainian izendapen hori duten jaialdi-multzo oso txikiaren artean dago, beraz.
Gainera, 2025ean Doc Alliance sarean jaialdi gonbidatu gisa parte hartu ondoren (Europako dokumentalen jaialdi garrantzitsuenetako zazpi biltzen ditu sare horrek), 2026an Documentary Association of Europe (DAE) sarean sartu da, Europako dokumentalen sorkuntza garaikidearekin duen lotura sendotuz eta kontinente-mailako eztabaida, ekimen eta zirkuitu profesionaletan aktiboki parte hartzeko aukera emanez.
Horrez gain, Federación Pantalla eta La Mestaren zuzendaritza-batzordeetan egin ohi duen lana gehitu behar zaio. Plataforma horiek jaialdiak lotzen dituzte, eta haien artean sareak sortzen dituzte profesionalizazio-dinamikak sustatzeko, sektorea mapeatzeko eta erakundeekin hitz egiteko. Horiek guztiak jaialdian bilduko dira hainbat jarduera egiteko.
Gertaera gogoangarri horiekin batera, estatu osoko profesionalek eta kudeatzaileek egin berri duten Kulturaren Behatokiaren Txostenean berretsi egin da aintzatespena, eta, aurten ere, Estatuko kultura-panoramaren hitzordu nabarmenetako bat izango da jaialdia. Punto de Vista jaialdia bosgarren tokian nabarmentzen da Espainiako ezinbesteko hamar zinema-jaialdien artean, herrialdeko balorazio onena lortu baitu gai espezifikoei dagokienez, eta bigarrena da, Nafarroako Museoarekin batera, Nafarroako aktibo kulturalen zerrendan.
Talentua eta merkatua lotzen dituzten nazioarteko ordezkaritza eta programa profesionalak
Garapen profesionalari begira, Punto de Vistak ahalegin handia egiten du nazioarteko programatzaileen eta profesionalen bisitak sustatzeko, programazioan sartzen den talentuarekin aukerak sortu ahal izateko. Lan handia egiten du, halaber, bere jardueraren barruan hartzen diren tokiko elkarte eta proiektuen eskutik.
Espainiako Kultur Ekintzako PICE programaren eta SGAE fundazioaren laguntzarekin, jaialdiak nazioarteko jaialdi eta erakunde entzutetsuen ordezkaritza handia bildu ahal izan du aurten ere: Cinespaña Toulouse, Curtas Vila do Conde, Doc’s Kingdom, FIPADOC, International Film Festival Rotterdam (IFFR), DocLisboa, Ji.hlava International Documentary Film Festival, Recognition Brussels, BlackStar Film Festival, Courtisane Festival, Sheffield Doc/Fest, International Documentary Film Festival Amsterdam (IDFA), DA Films zinema dokumentalaren plataforma edo Cahiers du cinèma aldizkaria. Bisita honek nazioko eta tokiko talentuaren programazioan oinarritutako agenda izango du haien ikusgarritasuna handitzeko, eta Navarra Film Industry plataformaren eskutik topaketa espezifiko bat izango du Nafarroako ekoiztetxeekin.
Tokiko garapen profesionalarekiko konpromisoaren erakusgarri dira, gainera, LAN atalean modu organikoan programazioan sartzen diren elkarteen eta proiektuen eskutik aurrera eramaten diren ekimenak. Hainbat programek, hala nola CIMAren eta (H)emenen eskutik Mirentxu Loiarte zinemagileari buruzko hitzaldi ilustratuak, Napardocs topaketek —Nafarroako ekoiztetxeen elkartearekin garatuak— eta Doklab Navarra dokumental-egoitzako proiektuen aurkezpenak lan- eta elkarrizketa-guneak artikulatzen dituzte, sorkuntza-prozesuaren fase desberdinetara egokituak, proiektuen garapenetik hasi eta merkatuan kokatzen den arte.
Plataforma horietan funtsezko erakundeetako ordezkariek hartuko dute parte, hala nola Movistar Plus+, Majordocs, Freak Agentzia eta DocLisboako ordezkariek. Tokiko zinemagileekin eta ekoizleekin partekatuko dute beren esperientzia, ikaskuntza praktikoko testuingurua eta benetako konexioak sortuz, tokiko sektorearekin ezagutza handiagoa eta etorkizunean lankidetzak lortu ahal izateko zinema dokumentalaren sorkuntzaren, ekoizpenaren eta banaketaren inguruan.