Punto de Vista jaialdiak nazioarteko proiekzioa indartu du, 90 film inguru bilduta bere hogeigarren urteurrenean

Punto de Vista jaialdiak nazioarteko proiekzioa indartu du, 90 film inguru bilduta bere hogeigarren urteurrenean
2026/04/13

Apirilaren 20tik 25era, jaialdiak 66 saio programatuko ditu, eta horien artean egongo dira proiekzioak, zinemagileekiko topaketak, jarduera profesionalak, familientzako ekimenak eta musika-proposamenak

Gaur aurkeztu da Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren edizio berri bat. Hitzordua apirilaren 20tik 25era izango da, Iruñean, eta jaialdiak hogeigarren urteurrena ospatuko du. Hala, zinema dokumental garaikidearen ezinbesteko topaketa gisa duen posizioa sendotuko du, bai estatuan, bai nazioartean.

Sei egunez, Punto de Vistak 90 film inguruz eta 66 saio eta jardueraz osatutako programazioa eskainiko du, eta bertan proiekzioak, topaketak, hausnarketarako espazioak eta publiko desberdinentzako proposamenak bilduko ditu. Hala bada, hitzorduari esker, Foru Erkidegoa ez-fikziozko zinemari lotutako sorkuntza, pentsamendu eta elkartrukerako funtsezko gune izango da berriro.

Punto de Vista publiko orokorrarentzako eta sektore profesional eta akademikoarentzako proposamen bat da. Aurten beste urrats bat egin da, Iruñea eta Nafarroako ahalik eta ikusle gehienengana iristeko zenbait ekimen biltzen dituen bitartekaritza-plan baten bidez. Ekimen horien artean daude, adibidez, hiri osoko erakusleihoetan jaialdia ezagutzera emateko ekintza bat egitea, La Bobina eta tokiko beste podcast batzuetan parte hartzea, zeharkako ibilbideak diseinatzea, programazioan barrenako ibilbidea proposatzen duen pasaporte bat sortzea gazteentzat edo kideko erakundeetara eta ikasle-sareetara hurbiltzea.

Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude jaialdiaren webgunean eta Baluarteko leihatilan, eta jaialdiaren astean leihatila osagarri bat jarriko da esparruaren atondoan. Sarreren prezio orokorra 3 eurokoa da saioko, eta zenbait jarduera doakoak izango dira.

 

2026ko Punto de Vista jaialdiaren zifra nagusiak

— Jaialdian 66 saio izango dira, proiekzioak eta jarduera paraleloak kontuan hartuta.

— Programazioa 6 atal handitan —Sail ofiziala, Fokuak, Lan, Ricercata, X Films eta Txinparta— antolatuta egongo da, eta 90 film inguru izango ditu guztira.

— Punto de Vistak 6 zuzendari artistiko izan ditu dagoeneko. Aurten hasi du bere etapa Miquel Martí Freixasek, lekukoa hartuta honako hauei: Manuel Asín (2022-2025), Garbiñe Ortega (2018-2021), Oskar Alegria (2014-2017), Josetxo Cerdán (2010-2013) eta Carlos Muguiro (2005-2009).

— Amerika, Asia, Europa eta Afrikako 19 filmek —zazpi film luze, film ertain bat eta hamaika film labur— osatuko dute Sail ofiziala. Mundu-mailako lau estreinaldi, nazioarteko estreinaldi bat eta estatu-mailako hamalau estreinaldi lehiatuko dira sari nagusiak lortzeko.

— Aurten ere jaialdiak zeharkako 6 ibilbide proposatzen ditu, programazioa ardatz tematiko desberdinetatik arakatzeko: Lurra, Gure gorputzak, Hartzen gaituen planeta, Mugak saihestu (ezin), Bizitza-trazuak eta Zatoz Punto de Vista jaialdira. Horrez gainera, ikasleentzako ibilbide espezifiko bat ere proposatzen du.

110 gonbidatu inguruk bisitatuko dute Iruñea programazioan parte hartzeko.

150 lagunek baino gehiagok eman dute izena gazteentzako ekimenetan, eta horietatik 14 aukeratu dituzte Gazteen Epaimahairako, eta beste 6, Gazte Programatzaileak ekimenerako.

9 egoitzak hartuko dute jaialdia: Baluarte, Golem zinemak, Nafarroako Unibertsitatea Museoa, NUP, Nafarroako Filmoteka, Oteiza Museoa, Civivox Condestable, Civivox Pompelo eta Civivox Mendillorri. Horiei Txintxarri, Tarántula eta Laba tabernak gehitu behar zaizkie musika-programaziorako.

Musikak ere presentzia izango du Punto de Vista jaialdian, 8 jarduerako programazio espezifiko batekin. Jarduera horien artean kontzertuak, DJ saioak eta Radio 3 irratian zuzeneko emanaldiak izango dira. Artista hauek parte hartuko dute, besteak beste: Anavi, Celia Carrera, Adrian Alegria, Love’n’Joy, Masquepop, Bernal, Comic Sans, Hondora eta Annie Wonder.

 

Iruñea, topagune estrategikoa dokumentalen sektorearentzat

Hogeigarren urteurrenean, Punto de Vista indartu egin da zinema dokumentaleko profesionalen arteko topaketarako gune gisa. Urteetan zehar, zinegileen, erakundeen, industriako eragileen eta nazioarteko plataformen arteko harremanak saretzeko jarduera bizia sendotu du jaialdiak, eta trukea eta lankidetza jarri ditu bere ereduaren erdigunean.

Programaziotik haratago, jaialdiak lotura profesionalak errazten ditu, tokiko talentuaren balioa nabarmentzen du eta garatzeko aukerak sortzen ditu obren ikusgarritasuna eta zirkulazioa bereziki zailak diren arlo batean –hots, zinema dokumental eta esperimentalaren arloan–. Aste osoan zehar, Nafarroa espazio pribilegiatua izango da, eta zinemagileek eta profesionalek nazioarteko solaskide garrantzitsuekin harremanetan jarri ahal izango dute; hala, haiekin zuzenean hitz egiteko eta lan-aukerak identifikatzeko parada izango dute, eta hori mesedegarria izango zaie beren proiektuak testuinguru horretatik kanpo sarbide zaila duten zirkuituetan proiektatzeko.

Duela gutxi, FIAPFek (Film Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioa) akreditatu du Punto de Vista jaialdia. Kalitate-zigilu horrek ziurtatzen du jaialdi garrantzitsua dela, eta Espainian izendapen hori duten jaialdi-multzo oso txikiaren artean dago, beraz. Gainera, iaz Doc Alliance sarean jaialdi gonbidatu gisa parte hartu ondoren, 2026an Documentary Association of Europe (DAE) sarean sartu da, eta, ondorioz, indartu egin da Europako dokumentalen sorkuntza garaikidearekin duen lotura eta nazioarteko eztabaida- eta garapen-espazioetan duen partaidetza. Estatu-mailan, eginkizun aktiboa du Pantalla eta La Mesta plataformetan, eta sektorea egituratzen eta jaialdien arteko sareak indartzen laguntzen du.

Garapen profesionalarekiko konpromisoaren erakusgarri, aurten ere nazioarteko programatzaile, jaialdi eta erakundeen ordezkaritza nabarmena izango du jaialdiak; horiek guztiak Espainiako Kultur Ekintzaren eta SGAE fundazioaren laguntzari esker etorriko dira Iruñera.

 

Goiburuak: kode bidez sortutako identitate bisuala

Edizio honetako goiburuak Martin Etxauri Sainz de Murietak (Txo!? izenez ere ezaguna) sortu ditu, kode informatiko bidez, kode sortzaile bidez. Egileak landutako algoritmo batetik abiatuta, aldi berean sortzen dira irudia eta soinua, datu berberetan oinarrituta. Ikus-entzunezko hainbat osagai gurutzatzen dira 20 pieza horiek sortzeko. Pieza horiek elementu komun batzuk dituzte, baina inoiz ez dute ez egitura bisual berdina, ez musika-pauta berdina, guztiak kode bera egikarituz sortu diren arren.

 

Jaialdi arduratsua: irisgarritasuna, jasangarritasuna, berdintasuna eta indarkeria sexistarik gabeko aisialdia

Aurten, Punto de Vistak irisgarritasunarekiko konpromisoa indartu du hainbat neurriren bidez, hala nola: begizta magnetikoak, bizkar-zorro bibrakorrak eta azpitituluak jarriz saio gehienetan, zeinu-hizkuntzako interpretazioa eskainiz saio nagusietan eta desgaitasuna duten pertsonentzat egokitutako espazioak prestatuz.

Ingurumenari dagokionez, jaialdiak aurrera jarraitzen du jasangarritasun-estrategiarekin, materialak murriztuz, garraio jasangarria sustatuz eta tokiko hornitzaileak lehenetsiz. Berritasun gisa, Mrs. Greenfilm zigilua lortzen saiatuko da, eta horretarako kanpotik ikuskatutako plan bat izango du.

Era berean, jaialdiak eutsi egiten die genero-berdintasunarekiko konpromisoari eta kontziliazioarekiko konpromisoari (Puxika Gorria ludotekaren ekimena, adibidez), baita espazio seguruak sortzeko konpromisoari ere, indarkeria sexistarik gabeko aisialdirako udal-programara atxikita.

 

Erakunde kolaboratzaileak

Punto de Vistak estatuan eta nazioartean duen proiekzioa bultzatzen duten kolaboratzaileen sare zabal eta askotarikoa hedatzen jarraitzen du. Nafarroako Gobernuak sustatu eta NICDO sozietate publikoak antolatutako edizio honetan, jaialdiak hainbat entitate eta erakunderen lankidetza izango du; besteak beste, honako hauena: ICAA, Espainiako Kultur Ekintza, SGAE fundazioa, Iruñeko Udala, Uharte Zentroa, Nafarroako Unibertsitatea, NUP, EiTB, Nafarroako Gazteriaren Institutua, Gazte Txartela, Nafarroako Filmoteka, Valentziako Filmoteka, Galiziako Filmoteka, Madrilgo Zineteka, Navarra Music Commission, CIMA, Courtisane Festival, Elías Querejeta Zine Eskola, Golem, Jorge Oteiza Fundazio Museoa, Iruñeko Alde Zaharreko Merkatarien Elkartea, Radio 3, Docs & Talks edo Festival Scope plataforma.

Era berean, jaialdiak sare profesionalak sortzen eta indartzen jarraituko du, eta horretarako ekimenak, topaketak eta lanerako espazioak antolatuko ditu Navarra Film Industry, NAPAR, Doklab Navarra, CIMA, (H)emen eta sektoreko beste eragile garrantzitsu batzuekin lankidetzan.

Zerrendara itzuli

Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.