2025ean hautatutako Pablo Casanueva zinemagileak Gaulana estreinatuko du
Punto de Vista jaialdiak X Films proiektuari ekinen dio berriro, jaialdiko proposamen berezienetako bat baita, jaialdia bera film baten ekoizle izaten denez. 2010. urtetik hasita, edizio bakoitzean dokumental saiakera baten proiektua hautatzen da, eta hautatutako proiektua Nafarroan filmatu behar da, ikus-entzunezkoen arloko bertako sorkuntza garatzen eta indartzen ere laguntze aldera. Aurten, gainera, proiektua indartu da, babesle izanen diren erakunde laguntzaileen talde batekin.
Zinemagile gonbidatua X Films 2026: Nayra Sanz Fuentes
2024az geroztik, Punto de Vista jaialdiak obra zuzenean aukeratzeko eredua proposatzen du. Oraingoan, Nayra Sanz Fuentes izan da gonbidatua, eta proiektu bat garatu beharko du; filmatze-lanak egiteko 2026. urte osoa izanen du, eta jaialdiaren 21. edizioan estreinatuko da filma. Proiektuaren abiapuntu zauria izanik, gorputzari buruzko gogoeta egiten da, betiere tradizioa, arriskua eta kidetasun kolektiboa txertatzeko gunetzat hartuta.
Aurten ere, Uharte Zentroarekin elkarlanean, egonaldi artistiko bat egiteko aukera eskaini zaio zinemagileari, bere ikerketan sakondu eta Nafarroarekin duen harremana are gehiago errotu dezan. Punto de Vista jaialdian, Sanzek aurrez egindako lanak proiektatuko dira eta hitzaldi ilustratu bat emanen du, Filmar como forma de conocimiento, egonaldian egindako ikerketaren emaitza aurkezteko.
Nayra Sanz Fuentes zinemagilea, idazlea eta produktore independentea da. Begirada kritiko eta poetiko batetik, haren obrak ikusgai eta ezkutuan dagoenaren arteko mugak arakatzen ditu, norbanakoaren eta botere-egituren arteko mugak. Filologia Hispanikoan, Filosofian eta Zinema Zuzendaritzan trebatua, fikzioaren, dokumentalaren eta saiakera zinematografikoaren arteko filmak egiten ditu. Haren lanek gizakiaren, naturaren eta teknologiaren arteko harreman estuan sakontzen dute. Rinoceronte Films ekoiztetxearen sortzailea da, eta sormen-lana irakaskuntzarekin eta kultur programazioarekin uztartzen du. Duela gutxi argitaratu du Gorputz nazia. Gorputz eutsia (boterearen estetika Leni Riefenstahlen) saiakera Trotta argitaletxean.
X Films 2025 proiektua: Gaulana
“Argi-kutsadura gero eta handiagoa da kapitalismoarekin. Segurtasunaren izenean mundua argitzen den bitartean, iluntasuna ihes dabiltzanen babesleku da. Gaulana lanean, muga gauez zeharkatu zutenen eta zeharkatzen dutenen erretratua egiten da: Ezkabako presoak, portugaldarrak eta Bidasoako migratzaileak, iluntasunaren babespean”.
Punto de Vista jaialdiaren aurtengo edizioan Pablo Casanueva —Ribeseya, Asturias, 1995— zinemagile eta artista bisualaren Gaulana (Espainia, 2026) lana estreinatuko da; Casanueva Ikus-entzunezko Komunikazioko graduduna da Burgosko Unibertsitatean, eta SICUE egonaldia egina du EHUn —Bilbo—. Bere lanean memoriaren, lurraldearen eta politikaren arteko harremanak ikertzen ditu zinemaren, artxiboaren eta paisaiaren bidez. Espainiako eta nazioarteko jaialdietan aukeratutako film luzeak eta laburrak zuzendu ditu, eta argazkien eta ikus-entzunezkoen erakusketa-lanak ere egiten ditu. Prestakuntza-egoitzetan eta -programetan parte hartu du EICTVn —Kuba—, Huarte Zentroan, LABoralen, FICX Pro jaialdian eta La Plantación proiektuan.
X Film kolaborazio berriak
Punto de Vista jaialdiaren kolaborazio-sarea zabaltzen jarraitzen dugu. X Film atalaren kasuan, 2026. urte honetatik aurrera, ikus-entzunezko sektoreko hainbat enpresa proiektuaren laguntzaile izanen dira: banaketaren gaineko aholkuak emanen dituzte, ekipo teknikoak laga, postprodukzioan baldintza hobeak eskaini eta egile-eskubideei edo musika-gainbegiraleei buruzko aholkuak eman, X Films proiektuak gauzatu behar direnerako.
Besteak beste, enpresa hauek izanen dira: Freak zinema independentearen banaketa-agentzia, Pixelian zinemako eta arte bisualeko eskola, Antaviana postprodukzioko eta efektu digitalak sortzeko enpresa, Intangia ukiezinak defendatzeko elkartea eta Konga Music musikako sormen-agentzia. Kolaborazio horiei guztiei esker, proiektuak sendoagoak izanen dira, filmen profesionalizazio-maila areagotuko da, eta proiektuen irismena indartu ere eginen da.
X Films, gorabideko talentuaren sustatzaile
Horrela, bada, X Films talentuaren sustatzaile izanen da berriro ere: 2010ean sortu zenetik, proiektuan parte hartu dutenak Estatuko zinemagintza independentearen panorama onaren adierazgarri dira, jaialditik igaro ondoren ibilbide oparoa izaten jarraitu baitute. Besteak beste, Fernando Franco, Diana Toucedo, Oskar Alegria, Lois Patiño eta Jaione Camborda generoan erreferente izatera iritsi dira gure ekimenean parte hartu ostean eta, kasu askotan, gainera, fikziozko zinema eta ez-fikziozko zinema landu dituzte beren ibilbideetan.
Orain arte, X Films barruan hamabost proiektu filmatu dira Nafarroan, eta ibilbide oparoa izan dute Espainiako eta nazioarteko zinema-jaialdietan, sari ugari ere irabazita. Lurraldearen ikuspegi poliedrikoa da, Jorge Tur, Xiana do Teixeiro, María Cañas, Maddi Barber, Irati Gorostidi, Velasco Broca edo Celia Viada Caso sortzaileen ikuspuntutik begiratuta. Informazio gehiago jaialdiaren webgunean.