Otsailaren 24tik martxoaren 1era, jaialdiak 60 film inguru emango ditu eta 70 saio programatuko ditu, bai eta zinemagileekin topaketak, kontzertuak, jarduera profesionalak edo familientzako zinema saioak ere.
Gaur aurkeztu da Punto de Vista jaialdiaren hemeretzigarren edizioa. Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia Nafarroako Gobernuak sustatzen eta NICDO sozietate publikoak antolatzen du, eta erreferentetzat finkatzen jarraitzen du, estatuan eta nazioartean duen proiekzio nabarmenari esker. Jaialdiak bi hamarkadako historia izango du datorren urtean. Ekitaldia otsailaren 24tik martxoaren 1era itzuliko da Iruñera, foru erkidegoa kulturaren fokutzat bultzatzeko. Horixe adierazi dute gaur goitzean Rebeca Esnaolak —Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismo kontseilaria—, Manuel Asínek —Punto de Vista jaialdiaren zuzendari artistikoa— eta Teresa Morales de Álavak —Punto de Vista jaialdiaren zuzendari exekutiboa.
Rebeca Esnaolak azpimarratu du «nazioarteko erreferentzia irmo izatera iritsi dela jaialdia, bai bertan proiektatzen diren obrengatik, bai bertara etortzen diren pertsonengatik, herritarren interesagatik eta hobetu eta berrikuntzak egiteko borondatearengatik. Sorkuntza, elkartrukea eta ezagutza bultzatzen dituen espazio berezi bat da, planteamendu eta lengoaia berriak mahai gainean jartzen dizkiguna; gure inguruko errealitateak irudien bidez islatzeko modu paregabeak». Bestalde, Manuel Asínek nabarmendu du «jaialdia aurten ere hitzordu gakoa izango dela zinema dokumentalaren panoramako proposamen kritiko eta berritzaileenetako batzuk aurkitzeko». Asín zuzendaritza artistikoaren kargu egingo den azken edizioa izango da. Azkenik, Teresa Morales de Álavak argi esan du «urteetako eta jaialdia osatu duten talde guztien lanari esker, Punto de Vista jaialdiak bere posizioa indartu duela bai estatuan, lankidetza sare gero eta indartsuagoak eratuz, bai nazioartean, eta hori erakusten duela Doc Alliance jaialdiak bere sarearen parte izatera gonbidatu izanak. Espero dugu horrek jaialdiaren balioari eutsiko diola zinemagileentzat eta foru erkidegoarentzat».
Jaialdiak saio guztietarako sarrerak salgai jarri ditu bere webgunearen eta Baluarteko txarteldegiaren bitartez. Gainera, aste osoan txartel leihatila osagarri bat jarriko da barrutiaren atondoan. Sarreren prezio orokorra 3 eurokoa da saioko, batzuenak izan ezik, doan sartu ahal izango baita horietara. Hitzorduak garrantzi handia dauka ikus-entzunezko sektorearen ingurune profesional eta akademikoan, eta kulturan eta zinema dokumentaleko azken joerak ezagutzean interesa duen orori irekita dago.
2025eko Punto de Vista jaialdiaren zifra nagusiak
— Jaialdian 70 saiotik gora izango dira emanaldien eta lotutako beste jarduera batzuen artean.
— Programazioa 6 atal handitan —Sail ofiziala, Fokuak, Lan, Kontaktuak, X Films eta Bitartekaritza programa— antolatuta egongo da, eta 60 film izango ditu guztira.
— 17 filmek osatuko dute Sail ofiziala, 13 herrialdetakoak: Alemania, Argentina, Belgika, Kanada, Txile, Kolonbia, Hego Korea, Espainia, Frantzia, Irlanda, Libano, Palestina eta Tunez. Guztiek lortu ahal izango dituzte jaialdiko 5 sariak —film onenaren Punto de Vista sari nagusia, zuzendari onenaren Jean Vigo saria, film labur onenaren saria, publikoak hautatutako film onenaren sari berezia eta gazteek hautatutako film onenaren saria—. Gainera, nazioarteko epaimahaiak 2 aipamen berezi eman ahal izango ditu.
— 80 gonbidatu inguruk bisitatuko dute Iruñea beren lanak erakutsi edo zinema dokumentaleko ikuspuntuei buruzko gogoeta egiteko, eta nazioarteko profil ugari izango dira: zinemagileak, programazio arduradunak, kuradoreak, etab.
— Profesionalen, ikasleen eta prentsaren artean, Punto de Vista jaialdiak ia 400 pertsona ditu akreditatuta. Online akreditatzeko epea itxi da, baina Baluarteko atondoan gaitutako lekuan eskatu ahal izango dira jaialdian.
— Gazteentzako ekimenetan parte hartzeko aukerek, Gazteen Epaimahaia eta Gazte Programatzaileak, arrakasta handia izan dute, jende askok parte hartu baitu horietan. 110 pertsonak eman dute izena, eta horien artean 20 eta 12 gazte aukeratu dira, hurrenez hurren, programa bakoitzean parte hartzeko.
— Baluarte, Golem zinemak, Oteiza Museoa, Civivox Condestable, Civivox Mendillorri, Zitadela, Nafarroako Filmoteka eta Txintxarri taberna izango dira Punto de Vista jaialdia egingo den 8 egoitzak.
Punto de Vistaren ibilbideak: jaialdia ezagutzeko beste modu bat
Azken edizioan esperientzia ona izan ondoren, Punto de Vista jaialdiak zeharkako bost ibilbide eskainiko ditu, jaialdiko atalez osatuak. Horrela, publikoak honako hauen bitartez ezagutu ahal izango du programazioa: Genero(ak) —espezie banatua, desorekatua. Feminismoa(k), generoa(k), gorputzak.—; Gaixorik dagoen planeta —ingurumen larrialdia, klima aldaketa, antropozenoa, erregimen planetarioak, ekologikoak, gizatiarrak—; Zatoz Punto de Vista jaialdira —Jaialdia oraindik ezagutzen ez dutenentzako proposamenak—; Lehen pertsona —Erretratua, autorretratua, egunkaria, memoria, saiakera, indibidualismoa—; eta Adimen artifiziala —Paradigma teknologiko berria, adimen artifizial sortzailea—.
Saio bereziak inaugurazio eta amaiera ekitaldietarako, Miñuca Villaverderen eta Frans van de Staaken begiradapean
Inaugurazio eta amaiera saioak bere garaian gutxi preziatutako bi obra historikori buruzkoak izango dira; jaialdiak berreskuratu egin nahi ditu ikuspegi berri batetik. Otsailaren 24an, astelehenean, Tent City (1980) emango da, Miñuca Villaverde kubatar zinemagile aitzindariaren dokumental bakarra. Ondoren, solasaldia egingo da zinemagilearekin, haren senar eta kolaboratzaile Fernando Villaverde idazle eta zinemagilearekin eta José Luis Aparicio programatzailearekin. Programazioa Punto de Vista jaialdiak iaz Cinéma du Réel (Paris) jaialdiarekin hasi zuen zinema ondare dokumentalaren inguruko lankidetzaren barruan hasi zen. Lankidetza horri Kataluniako Filmoteka gehitu zaio, Tent City zaharberritu berri duena, Miñuca Villaverderen obraren gainerakoarekin batera.
Amaierako emanaldiari dagokionez, Sepio (Frans van de Staak, 1996) lanarekin amaituko da jaialdiak edizio honetan Herbeheretako zinemagileari eskainiko dion fokua. Foku hori Herbeheretako enbaxadaren eta Eye Filmmuseum museoaren lankidetzari esker egingo da, eta artistaren jatorrizko herrialdetik kanpo egingo den lehenengoa izango da. Martxoaren 1ean egingo da, larunbatean, Sail Ofizialeko sariak banatu ondoren.
Musika Punto de Vista jaialdian
Punto de Vista jaialdiak zinema dokumentalaren inguruan egingo duen proposamen zabala musika programazio batekin osatuko du, eta, besteak beste, kontzertuak, DJ saioak eta zuzeneko musika duten irratsaioak egingo dira. Jarduera horiek egiteko, Navarra Music Commission bulegoaren, Txintxarri tabernaren eta Radio 3 katearen laguntza izango da.
Nafarroako musika talentuari balioa emateko asmoz, Olaia Inziarte, Rig3l, Juárez, Edu Errea, Dayanna, Leeharvey eta /Göo! artistek emanaldiak egingo dituzte aste horretan Txintxarri tabernan eta Baluarten. Programazio osoa hemen kontsulta daiteke.
Zuzendaritza artistiko berria 2026an
Aurten, Manuel Asínek bere azken edizioa izango du Punto de Vista jaialdiaren zuzendari artistiko gisa, jaialdiak ezartzen duen zuzendaritza artistikoen iraupenerako lau urteko aldiaren arauari jarraituz. Hori dela eta, 19. edizioa amaitu ondoren, 2026an kargua hartzeko proposamenak egin nahi dituzten hautagai guztientzako lizitazio prozesua iragarriko da. Bere 19 edizioetan, Punto de Vista jaialdiak bost zuzendari artistiko izan ditu (ordena kronologikoan): Carlos Muguiro (2005—2009), Josetxo Cerdán (2010—2013), Oskar Alegria (2015—2017), Garbiñe Ortega (2018—2021) eta Manuel Asín (2022—2025).
Jaialdi arduratsua: kontziliazioa eta jasangarritasuna
Duela zenbait urtetik, Punto de Vista jaialdiak Punto de Vistako Ludoteka: Puxika Gorria aktibatzen du, kontziliazioa errazteko. Hori horrela, publikoak nahiz akreditatuek programazioaz goza dezakete sei hilabetetik hamabi urtera bitarteko haurrentzako leku hori erabiliz. Otsailaren 27ko (osteguna) arratsaldetik martxoaren 1era (larunbata) erabili ahal izango da. Ludoteka CIMA elkartearekin (Asociación de mujeres cineastas y de medios audiovisuales) elkarlanean egin da, Parenting at Film Festivals kolektiboaren bitartez. Puxika Gorria Zorionak Kids & Party Ludotekako profesionalen taldeak kudeatzen du, eta plazak aurrez gorde daitezke jaialdiaren webgunean.
Bestalde, Punto de Vista jaialdiak ingurumen jasangarritasunarekin duen konpromisoari eusten dio, eta jaialdiko arlo eta sail guztietan neurriak ezartzen ditu. 2024az geroztik beste pauso bat eman da ildo horretan, karbono aztarna kalkulatu eta konpentsatu baita, taldearen eta bertaratutako pertsona guztien lankidetzari esker. Aurten, konpromisoa eta ahalegina areagotu dira, eta barne baliabideez gain, egoitza kolaboratzaileak ere inplikatu dira datuak aztertzeko eta biltzeko lanean.
Erakunde kolaboratzaileak
Jaialdiak, beste urte batez, estatuan eta nazioartean duen proiekzioa bultzatzen duten kolaboratzaileen sare handiarekin batera lan egin du. Horrela, edizio honetan hainbat entitate eta erakunderen lankidetza izango du; besteak beste, hauena: ICAA, Acción Cultural Española, SGAE fundazioa—nazioartekotzeko ekintzen barruan—, Iruñeko Udala, Huarte Zentroa, EiTB, Nafarroako Gazteriaren Institutua, Gazte Txartela, Kataluniako Filmoteka, Galiziako Filmoteka, Navarra Music Commission, Elías Querejeta Zine Eskola, Golem, Courtisane Festival, Radio 3, Docs & Talks eta Festival Scope plataforma. Gainera, 2025. urte honetan, bazkide berriak ere batuko zaizkio jaialdiari, hala nola Doc Alliance, Herbeheretako enbaxada, Arte Ederretako Zirkulua, Eye Filmmuseum eta The Theater of The Matters.
Azkenik, sare profesionalak sustatzea ere bultzatu nahi da, Navarra Film Industry, NAPAR, Doklab Navarra, CIMA edo (H)emen erakundeen eskutik sortutako ekimen, topaketa edo lan saioen bitartez.