Ekitaldiak 6.500 pertsona baino gehiago bildu ditu otsailaren 24tik martxoaren 1era programatutako 70 saioetan baino gehiagotan, eta bi hamarkadako historia ospatuko du 2026ko martxoaren 2tik 7ra
Punto de Vista Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiak martxoaren 1ean (larunbata) amaitu zuen 19. edizioa, Nafarroa genero horretako topagunetzat bultzatu zuen aste bete bat bizi ondoren. Hitzordua Nafarroako Gobernuak sustatu eta NICDO sozietate publikoak antolatu zuen, eta bitarteko tekniko apalekin baina zinema lana ulertzeko modu ausartarekin egindako hainbat film programatu ziren. Sei jardunalditan —otsailaren 24tik martxoaren 1era—, Punto de Vista jaialdiak 70 saiotan baino gehiagotan, emanaldien eta beste jarduera batzuen artean, 6.500 pertsonatik gora bildu zituen. Ikus-entzule horien artean daude komunitateko eta beste leku batzuetako publikoa, mundu osotik etorritako sektoreko profesionalak eta zinema ikasleak. Gainera, jaialdiak orain iragarri du 20. edizioa datorren urteko martxoaren 2tik 7ra egingo duela.
Berriki egin den edizioaren proposamenak pantaila handian nekez ikus daitezkeen izenburuak jaso ditu. Hori horrela, beste zinemagile eta artista batzuen artean, Frans van de Staak, Miñuca Villaverde, Anne-marie Faux edo Iñaki Garmendia izan dira Fokuak, Lan edo Kontaktuak sailen protagonista. Bestalde, Sail Ofizialak egile hauen lanak izan ditu, besteak beste: José Luis Sepúlveda eta Carolina Adriazola, Emilio Hupe, Mourad Ben Amor, José Luis García, Declan Clarke, Ana Comes, Ramón Balcells, Maddi Barber edo Marina Lameiro. Horrez gainera, azpimarratzekoa da estreinaldien kopurua —mundu mailako lau estreinaldi, nazioarteko lau estreinaldi, Europa mailako estreinaldi bat, Espainia mailako zazpi estreinaldi eta Nafarroa mailako estreinaldi bat—. Bestetik, hurbileko testuingurua Termitas sailak ordezkatu du, beste batzuen artean honako hauen lanari esker: Isaías Griñolo, Víctor Ladera, Amparo Garrido, Carlos Baixauli, Joaquín Lisón edo Rocío Montaño. Dokumentalen arloko praktiketako adimen artifiziala ere presente izan dugu Antonio Somaini, Ramón del Buey Cañas, Guillem Serrahima Solá edo Estampa kolektiboaren bitartez. Azkenik, X Films egitasmoaren barruan, Celia Viada Caso zinemagilearen Volver a casa tan tarde lanaren mundu mailako estreinaldia egin da. Celia Viada Caso zinemagile asturiarra da, eta haren herrikide Pablo Casanuevari eman dio lekukoa datorren urtean Nafarroan film bat grabatzeko sortzaile gonbidatua izateko.
Nazioarteko epaimahaiak eta gazte epaimahaiak Sail Ofizialeko lanei emandako sariak lau emakumezko zinemagileren eta lau gizonezko zinemagileren artean banatu dira. Film Onenaren Sari Nagusia José Luis Sepúlvedaren eta Carolina Adriazolaren Cuadro Negro lanak irabazi du, eta lan horrek eskuratu du, gainera, Gazteek hautatutako Film onenaren saria ere. Bestalde, Anne Benhaïem aukeratu dute Zuzendari onenaren Jean Vigo saria jasotzeko, La limace et l’escargot lanagatik. Film labur onenaren saria Writing poems at the end of the world lanak irabazi du, Wonwoo Kim artistarenak. Publikoak hautatutako Film onenaren sari berezia Cambium lanak eskuratu du, Marina Lameiro eta Maddi Barber artistenak. Azkenik, Pierre Louaprek eta Ramón Balcellsek epaimahaiaren aipamen berezi bana jaso dute, La prunelle rouge eta A. lanengatik, hurrenez hurren.
Jaialdian akreditatutako pertsona kopuruari dagokionez, zifra 465 pertsonara igo da, 2024an baino % 8 gehiago. Horien artean, profil profesionalak (231, % 50), ikasleak (156, % 33), prentsa (51, % 11), gazte epaimahaia (18, izena eman zuten 98 pertsonaren artean egindako hautaketa, % 4) eta Gazte Programatzaileak (9, % 2) ditugu.
Bestalde, Punto de Vista jaialdiak kolaboratzaileen sare zabala baliatu du berriro estatu mailan nahiz nazioartean duen proiekzioa handitzen jarraitzeko. Aurreko edizioetan bezala, hainbat entitate eta erakunderen lankidetza izaten jarraitu du; besteak beste, hauena: ICAA, Acción Cultural Española, SGAE fundazioa—nazioartekotzeko ekintzen barruan—, Iruñeko Udala, Huarte Zentroa, EiTB, Nafarroako Gazteriaren Institutua, Gazte Txartela, Kataluniako Filmoteka, Galiziako Filmoteka, Navarra Music Commission, Elías Querejeta Zine Eskola, Golem, Courtisane Festival, Radio 3, Docs & Talks eta Festival Scope plataforma. Gainera, edizio honetan, Herbeheretako enbaxada, Arte Ederretako Zirkulua, Eye Filmmuseum edo The Theater of The Matters ere batu dira; eta sare profesionalak sustatu dira Navarra Film Industry, NAPAR, Doklab Navarra, CIMA edo (H)emen erakundeen eskutik sortutako ekimen, topaketa eta lan saioen bitartez.
Lankidetzen artean, Doc Alliance sarearekin ezarritakoa nabarmentzen da. Hain zuzen, Europako dokumentalen zazpi jaialdi ospetsuenek osatutako Europako sarea da, eta Punto de Vista aukeratu du 2025. urterako jaialdi gonbidatua izateko. Hori dela eta, ekitaldi horietako ordezkariak Iruñera etorri ziren, eta hainbat jarduera, ekitaldi eta bilera antolatu ziren elkarrekin. Saio horiek Iruñean abiatu ziren bi aurkezpenekin eta Doc Alliance sariaren azken film irabazlearen emanaldiarekin: The Landscape and the Fury. Aliantza hori jaialdi hauek osatzen dute: CPH:DOX, Doclisboa, DOK Leipzig, FIDMarseille, Ji.hlava IDFF, Millennium Docs Against Gravity FF eta Visions du Réel.
Azpimarratzekoa da, halaber, Punto de Vista jaialdiaren izaera arduratsua; izan ere, aurten ere El Globo Rojo ludoteka jarri du martxan, publikoarentzako, akreditatuentzako eta jaialdiko taldearentzako berarentzako kontziliazioa errazteko. Hainbat jardunaldiz erabili ahal izan zuten 6 hilabetetik 12 urtera bitarteko haurrek. Gainera, jaialdiak ingurumen jasangarritasunarekin duen konpromisoari eusten dio, eta jaialdiko arlo eta sail guztietan neurriak ezartzen ditu.
Horrekin guztiarekin, Punto de Vista 2026ra arte agurtu da. Hain zuzen, urte horretan ospatuko du 20. edizioa martxoaren 2tik 7ra, zuzendaritza artistiko berriaren eskutik. Horrela, Manuel Asínen zikloa amaituko da, zuzendaritza artistikoen iraupenerako jaialdiak ezarritako lau urteko aldien arauari jarraituz. Laster irekiko da kargua hartzeko proposamenak egin nahi dituzten pertsona guztiek hautagaitzak bidaltzeko epea. Horrela, aukeratutako pertsonak honako hauei hartuko die erreleboa: Carlos Muguiro (2005—2009), Josetxo Cerdán (2010—2013), Oskar Alegria (2015—2017), Garbiñe Ortega (2018—2021) eta Manuel Asín (2022—2025).