Programak Louis Lumièrek, sortu zen unean bertan, zinemari buruz egindako adierazpen ospetsutik hartzen du izena. Programan, 90 urte baino gehiagoko aldearekin bost formatutan egindako film estereoskopikoak aztertzen ditugu; film horiek guztiek begiratzeko moduak eta askotariko mugimenduak ospatzen dituzte eta, inplizituki, honako galdera hau egiten dute: nora joan gaitezke hemendik aurrera?
Hasteko, zinemaren baliabideak berak egin zuen bezala, geltokira sartzen ari den tren bat hartuko dugu. Louis Lumièrek bere ibilbide zinematografikoan zehar izan zuen ametsa sakoneran mugitzen ziren irudiak sortzea izan zen eta hori, azkenean, Frantziako Zientzien Akademiaren 1934ko bileran gauzatu zen. Bertan, gaurkotasuneko film estereoskopiko batzuk proiektatu zituen, besteak beste, L’Arrivée d’un train en gare de La Ciotat (1896) filmaren 3Dko bertsio berria.
Zinemaren baliabidearekiko eta eskaintzen dituen aukerekiko ageriko jakin-min hori programa osoan zehar mantentzen da. Ken Jacobs-en Opening the Nineteenth Century: 1896 (1991) film magikoak Pulfrich efektua erabiltzen du, Lumièretarren kamerariek Paris, Venezia eta Kairon filmatutako trenen eta itsasontzien artxiboko irudien ezkutuko sakontasunak erakusteko. Lillian F. Schwartz-en Olympiad (1971) filmak eta Kerry Laitala-ren Orbit (2006) filmak ChromaDepth izeneko teknologia prismatiko txundigarria erabiltzen dute euren kolore puru eta aseko irudi elektrikoei sakontasun handiagoa emateko. Kenneth Anger zinemagile underground transgresoreak egindako azken filmetako bat (eta 3D formatuan egin zuen bakarra), Airship 1 (2013), aireontzi militar puzgarrien albisteetako artxiboko irudiz osatutako triptiko baten lehen mugimendua da. Betaurreko anaglifoak erabilita, materialaren kolore gorri eta urdin distiratsuak ustiatzen dira eta gure begi-globoen artean banatzen dira.
Amaitzeko, programak Ameriketako Estatu Batuetako bizitzaren azken bi disekzio eskaintzen ditu: Scott Stark-en Tulsa (2025), goi-klaseko koktel festak eta turismo koloniala irudikatzen dituzten aurkitutako irudi estereoskopikoz osatutako fantasia keinukari bat, eta FELT (2025), nire filma, 2024ko presidentetzarako hauteskundeen ondoren AEBko mendebaldean barrena egindako ibilaldi bat dokumentatzen duena.
Blake Williams