Punto de Vistaren edizio honen goiburuak egin dira grafika sortzaile bidez, sormen-kodea deiturikoan kokatzen dena. Teknika honek ez du inolako zerikusirik AA sortzailearekin, eta kode informatiko bat erabiltzen da algoritmo bat programatzeko. Algoritmo horrek, exekutatzean, irudiak sortuko ditu, baita soinua ere. Horrela, eraikitzen dena ez da adierazpen grafiko zehatz bat, ezpada adierazpen hori sortuko duen arau-multzo bat, kasu askotan balio aleatorioek lagunduta, aniztasun eta aberastasun handiagoa lortzeko.
Esan dezakegu baliabide artistikoa hirukoitza dela: alde batetik, lantzen den kode informatikoa dago; bestetik, audioa eta atal bisuala, kode hori exekutatzearen emaitza gisa. Kasu honetan, maila berean landu nahi izan dira irudia eta soinua. Bata ez da bestetik ateratzen, eta bi-biak datu berberetatik sortzen dira, exekutatzen den programan gertatzen ari denaren antzeko adierazpena izanik: distantziak maiztasunetan ere islatzen dira, tamainak bolumenean, edo koordenatuak soinu-espazialtasunean.
Goiburu hauek elementu musikal-bisualez osatuta daude, beti desberdina den koreografia bat egiten duten parte-hartzaile txikiak. Zoriak —sistemak zedarritua beti— ezartzen du ere parte-hartzaile bakoitza eszenara aterako ote den, eta zein ordenatan, kromatika zehazteaz gain, kode beretik abiatuta sortu diren 20 goiburutako bakoitzean.