Alia Syed-en atzera begirako programaren bigarren zatian proiekzio digitaletara igaroko gara, eta zuzendariak Glasgow-en jaso zuen asiar-eskoziar heziketari buruzko gogoeta egiten duten azkenaldiko lanak izango dira ikusgai. Points of Departure (2014) BBC etxearen Eskoziako artxiboetako egonaldi artistiko baten testuinguruan egin zen. Memoria pertsonal eta kolektiboko gaiak Syedek berak Glasgowko hiriarekin zuen harremanaren bitartez arakatzen dituen film honetan, zuzendariak bere aita agurearen etxea garbitzen ari zen bitartean aurkitu zuen mahai-zapi batean gordetako memoriaren hariak askatzen saiatzen da. Bere aitaren presentziak ere leku nabarmena du Snow (2019) lanean; film horretan, Syed-en aitak 1995-1996 neguko egun elurtu batean filmatutako irudiez jabetu da zuzendaria; garai hartan ez zioten elkarri hitzik egiten aitak eta alabak. Snow filmean hainbat denbora nahasten dira: jatorrizko irudiena, Syedek 2017an lehen aldiz ikusi zituenekoa eta gerora 2019an ikusi zituenekoa. Denborak eta errepikapenak aldatu egiten dituzte zuzendariak irudiei buruz eta (presente eta, aldi berean, absente ere badagoen) aita zenari buruz zituen usteak. Clippy (2016) lanean, olerki bat egin zuen mugimenduko irudiekin, Glasgow Bus Corporation enpresan lan egiten zuten Ghulam Rasul Tahir jaunaren eta Mohammed Ali Azad jaunaren oroitzapen pertsonaletatik abiatuta. Programa amaitzeko, The Dhabba (2025) lanaren laburpen bat izango da ikusgai. Syedek 2025ean egin zuen obra berri hori, Glasgowen izandako «The Ring in the Fish» erakusketaren testuinguruan. Irudimenak migrazioan betetzen duen papera aztertzen du, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Asia hegoaldetik Glasgowra iritsitako diasporako herritarrengandik bildutako ahozko kontakizun eta narrazioetan oinarrituta.
María Palacios Cruz