Tent City (1980) lana Kataluniako Filmotekak berriki digitalki zaharberritu du, eta kubatar erbesteko funtsezko film dokumentaletako bat da. Saioaren programatzaileak, José Luis Aparicio Ferrerak —emanaldiaren ondoren Miñuca eta Fernando Villaverderekin egingo den solasaldia ere gidatuko duenak— filma eta zuzendariaren figura azalduko dizkigu: Kubako zinemagile eta ikusleen belaunaldi gazteenentzako figura ospetsua.
I-95 Amerikako Estatu Batuetako ekialdeko kostaldean dagoen bide luzeena da. Ez dago autobiderik Kubaren eta Estatu Batuen artean, Floridako itsasartea bakarrik: itsas errepide mehar bat, zenbaitetan hark bezain zirkulazio handia duena. Hegoaldetik iparraldera, zalantzazko korrontean, «Marielitoen» ibilbidea inskribatu zen, 1980ko apiriletik urrira bitartean uhartea utzi zuten 120.000 kubatar baino gehiagoko komunitate heterogeneoarena. Bi bide hauen arteko bidegurutze inolaz ere ez probablea «Karpen hiria» izan zen, Miamin, Habana Txikia amaitzen den lekuan, I-95 errepidearen zutabeen azpian inprobisatutako migranteen kanpalekua.
Tent City mikrokosmos horretan murgiltzen da eta zenbait errefuxiaturen egunerokoa erregistratzen du. Filmaren zuzendaria, Miñuca Villaverde —argazkigintzaren eta muntaketaren arduraduna ere bada— hamabost urte lehenago senarrarekin batera utzi behar izan zuen herrialdearekin elkartu zen berriro. Senarra Fernando Villaverde zinemagile eta idazlea da, filmaren soinugilea eta egilekidea. Egilearen hitzetan, dendetan «gizonak eta emakumeak bizi ziren, homosexualak eta heterosexualak, oheen artean kordeletatik zintzilik zeuden oihalez bakarrik banatuta, horma flotatzaile gisa».
Bere begien aurrean «gizaki berri» iraultzaile bat agertu zen, jada ez gizarte zaharraren hondarrak. Zein infernutik ihes egin zuten karpa militar haietan hain gustura egoteko? Nola senti zitezkeen aske pilatuta eta inguratuta? Miñucaren begiradak jendetza indibidualizatu eta disolbatzen du —Kubako gobernuak «zabortzat» hartu zuena eta ez nahi, ezta behar ere ez zuena—. Pertsona bakoitza aurrez aurre filmatzen du, kamerari begira, ikusminaren maniak, ulertzeko nahia eta lagunak egiteko borondatea soilik tresnatzat. Soinu sinkronikorik ez dagoenez, offeko ahotsa proposatzen du, argazki finkoa. Mugak estilo bihurtzen dira.
Ingelesez eta azentuarekin kontatzen duen Miñuca zehatza da; are gehiago, hotza. Filmak doi-doi ukitzen ditu subjektuak, intimitatea sortzen du karpen barruan. Biktimismorik gabeko enpatia dago, sentimenduzko etnografia. Kamerak queer gorputzetarantz grabitatzen du bereziki. «Agian, beraiek, babesgabeen barruan baztertuenak izateagatik, nire sentsibilitatea gehiago ukitu zuten beste batzuek baino, eta haiei eskaini nien filmaren zati handi bat. Edo haiek hartu zuten eurentzat nire filma?», dio. Pertsonaiekin batera, filmak itxaron egiten du; purgatorio mota horren denbora zizelkatzen du, hitzez esan nahi ez den iraganaren eta itxaropenak eta ziurgabetasunak hein berean zeharkatutako etorkizunaren artean.
Tent City hunkigarria eta gogoetatsua da aldi berean, eta kubatar diasporako —edo, Ana López akademikoaren terminoa baliatuz, «Kuba Handiaren» zinemako— oinarrizko filmetako bat da, eta desagertzera edo, Scarface (Brian de Palma, 1983) lanean ikusten den moduan, Hollywoodek banpirizatua izatera kondenatua zegoen giza paisaia iragankor eta prekarioa salbatu eta gure garaietaraino gordetzen du. Miñucak 16 mm-ko Bolexarekin berbertatik filmatutako irudi geldiezin eta sentikorrek historiak baztertu dituen gizaki horiek itzultzen dizkigute, agentzia eta askatasunaren bila ari direla etengabe.
José Luis Aparicio Ferrera