Faux départ / Cabeza Borradora Iñaki Garmendia (Ordizia, 1972) artistak egindako sorkuntza proiektu bat da, Oteiza Museoan erakusteko zehazki sortua. Abiapuntua José Sarriegi (Ordizia, 1911-1967) margolariaren galdutako bustoa da, Jorge Oteizak 1934an zizelkatu zuena; haren irudi batzuk besterik ez dira kontserbatzen. Presentzia sinboliko baina materiagabe horretan oinarrituta, desagertutako piezari hurbiltzea eta harekin elkarrizketan aritzea proposatzen duten obra multzo bat garatu du Garmendiak denboran zehar, eskulturak sorkuntza, komunitate eta memoria gisa duen balioan eta zentzuan eragiten duena.
Hain zuzen ere, busto errealik ez izatea, baina haren irudiaren, haren irudikapenaren iraupena eta hargarritasuna dira erresonantziez betetako proiektuaren erdigunea; eskulturaren funtsarekin lotutako gai nagusiak jorratzen ditu eta Oteizaren eta Sarriegiren obrekin eta bizitza gorabeheratsuekin lotzen du. Artista horiek, XX. mendeko 1930eko hamarkadaren hasieratik artearen estetikaren berrikuntza prozesuetan murgilduta egonik, harreman bizi eta aldizkakoa izan zuten, eta harreman hori artistek beraien sorkuntza artistikoa garatzeko eta garaiko gizartean sortzaile jarduteko zituzten zailtasunen isla ere bada.
Prozesu honetan, Garmendiak proiektua eratzen duten materialen multzo handia osatu du, esate baterako: marrazkiak, argazki erreprodukzioan oinarrituta egindako jatorrizko buruaren axonometriak, bustoaren inguruko eskultura hurbilketak eta ikus-entzunezko hainbat pieza. Obren multzo horrek etengabeko tentsioan dagoen baina kristalizatzen amaitzen ez den errealitatera hurbiltzeko hainbat modu proposatzen ditu. Errepikapena, malenkonia, galera eta antzeko faktoreek erabat ez agertzera behartuta dagoen pieza baten bilakaera zehazten dute; haren arrastoa aztarna bat besterik ez da. Haren presentzia auratikoa erabat ez gauzatzera kondenatutako pieza da, modu partzial eta asinkopatuan ez bada, irudiaren eta objektuaren arteko urruntzea areagotuz; izaera artistikoak esanahien labaindura ugariren bidez errealitatera hurbiltzeko duen gaitasunari buruzko gogoeta egitea ahalbidetzen du horrek.
Faux départ da Hazitegia programako zazpigarren proiektua. Oteiza Museoarekin eta Huarteko Arte Garaikideko Zentroarekin elkarlanean garatzen da programa, Punto de Vista jaialdiaren eta Iruñeko Udalaren lankidetzarekin batera.
J. P. Huercanos