Rosa Maria Antuña. Ez-zinemagile baten atzera begirakoa

Zer da zinema? Zer da film bat? Eta zerk bihurtzen du norbait zinemagile? Galdera konplexuak, behin betiko erantzunik ez dutenak. Chantal Akermanek esan zuen «zinema da zinema, arrosa bat da arrosa bat», gogora ekarriz Gertrude Steinen «Sacred Emily» poema. Baina 1968an, bere burua «ez-zinemagile» izendatu zuen brasildar batek bere hizkera poetikoaz frogatu zuen arrosa bat zinema dela eta zinema arrosa bat dela, eta Brasilen film bat zuzendu zuen lehen emakumeetako bat izan zen.

26 urte zituela, Brasilgo lehen zinema eskolan matrikulatu zen Rosa Maria Antuña. 1962an inauguratu zuten eskola hori mendi artean isolatutako Belo Horizonten, Rio de Janeiro eta São Pauloko zinema eskola handietatik urrun. Brasildar zinea ospea irabazten hasia zen Europako zinema jaialdietan, Cinema Novo korronteari esker, eta Brasilen zinea egiteko ametsa posible bihurtzeko itxaropena ekarri zuen. Aldi berean, 1964an ezarritako diktadura militarrak eragindako beldurra eta errepresioa areagotzen ari ziren.

Familia tradizional baten estereotipoetatik ihes egiteko erabakia hartuta, eta zinemagile izateak zer esan nahi zuen ez zekiela, Rosa zinemaz maitemindu zen, eta izaera feministako bi film labur egin zituen, eskolako ikaskideen proiektuetan parte hartzeaz gain.[1] 

Bere lehen filmak, Rosae Rosa (1968), klase gatazka erretratatzen du eskale baten eta neska gazte dirudun baten arteko topaketaren bidez. Neskak arrosa bat eskaintzen dio eskaleari, azken horrentzat inolako balio sinbolikorik ez duen zerbait. Eta lorea jasotzean, gizonak jan egiten du. Horrela, mezu hau helarazten zaio ikusleari: lehenengo dago gosea, ez poesia. Filma autokritika gisa ikus daiteke, egilearen izena baitago «arrosa bat Rosarentzat» esan nahi duen filmaren latinezko izenburuan. Eta horrek adierazten du bere filmeko poesia (arrosa) berarentzat dela. Zenbait hamarkadaz galduta egon zen filmaren jatorrizko kopia, eta azkenean aurkitu zuten arren, hondatuta dago eta, orain arte behintzat, ezin izan da digitalizaziorik egin jatorrizko material fotokimikoetatik abiatuta. Hala ere, kalitate eskaseko kopia digital bat erakutsiko da emanaldian, telezinema zaharrago baten bidez lortutakoa.

Bere bigarren filma, Solo (1969), berrogeita hamar urte baino gehiagoz ezkutatuta egon zen Rosaren sukaldean, harik eta digitalki berreskuratu arte nire Yo no soy cineasta proiekturako; brasildar zinemaren aitzindari ahantzi horren historia ehundu nahi duen film dokumentala da nire proiektu hori. Laurogeita hamar segundo eskaseko iraupenarekin, emakume bakarti bat ageri da Solo filmean, etxe eta erlijio giroan, San Antonioren estatuarekin masturbatzen. Bere lehen proiekzioa, eta bakarra, Brasilgo V Festival de Cinema Amador Jornal do Brasil Mesbla jaialdian izan zen, 1969an. «Ikonoklasta», «erotikoa» eta «komikoa» izan ziren une hartan gizonezkoen begiradak irudi horiei buruz egin zituen interpretazio bakarrak. Bere lanaren harrera txarrak lotsatuta, zuzendaria autozentsuratu egin zen, eta bere iragan artistikoa eta filmak ezkutatu zituen, inork haien berri izan ez zezan.

1970ean, diktadurak eskola itxi zuen eta, horrekin batera, Belo Horizonten zinema egiteko ametsak amaitu ziren.  Erakundeak iraun zuen zortzi urteetan, berrogeita hamar film baino gehiago ekoitzi ziren bertan. 16 mm-ko ekoizpenak ziren, zuri-beltzean eginak, kutsu poetiko handikoak, beren burua «ez-zinemagile» eta «amateur» izendatzen zuten egileenak. Sortzaile horiek zinema jaialdi propioak sortu zituzten, beren lanak bigarren hezkuntzako eta unibertsitateko ikasleekin partekatuz. Hala ere, sorkuntzako ahalegin horiek gorabehera, garai zailak ziren; diktadura inoiz baino errepresiboagoa eta zentsuratzaileagoa zen, eta artista izatea arrisku nabarmena zen.

Zinemarako zuen talentua gorabehera, Rosak uko egin zion zinemagile izateko ametsari, eta segurtasuna aukeratu zuen, liburuzainaren eta ama eta emazte xumearen rola hartuta. Gaztetan baztertu zituen rolak ziren horiek.

Berrogeita hamar urte geroago, erakunde bereko zinema ikastaro berrietako lehen belaunaldiko kide izan nintzen, eta Rosa Mariaren kezka berei egin behar izan nien aurre. Eskolaren iraganak jakin-mina eragiten zidanez, eta Brasilgo zinemaren historiako emakumeen erreferentziak bilatu nahi nituenez, arrastoen eta memoria zati txikien bila hasi nintzen, bere burua «ez-zinemagile» izendatzen zuen egile horren lanak eta egunak berreskuratu, eta, aldi berean, gure zinema eskolaren historia berreskuratzeko asmoz. Gure artean adiskidetasuna sortu zen, agerian utziz denbora asko igaro arren emakume zinemagileek antzeko estutasunak eta beldurrak izaten jarraitzen dugula. Bidean topo egin nituen garai haietako beste ikasle batzuk, galdutako edo betiko galtzeko arriskuan zeuden zenbait film, eta brasildar zinemaren kontserbazioaren aurkako testuinguru politikoa.

Emanaldi honetan, Yo no soy cineasta dokumental luzearen sorkuntza prozesuaz hitz egingo dut. Hizpide izango dut ere 60ko hamarkadan Belo Horizonten egindako zinemari buruz egin nuen ikerketa, bereziki Rosa Maria Antuñaren filmei buruzkoa, eta testuinguru historikoa eta bizirik iraun duten memoria zati txikiak erlazionatuko ditut. Era berean, pertsona talde batek Rosa Mariaren bi filmak aurkitzeko eta digitalizatzeko egindako ahaleginez mintzatuko naiz, eta azalduko dut zer bide aurkitu nituen Brasilgo zinema eta kultura zaintzeko politika publikorik eza gainditzeko.

Izabela Silva

 

Solo
Rosa Maria Antuña, Brasil, 1969, 1 min 30 s, DCP. 

Rosae Rosa
Rosa Maria Antuña, Brasil, 1968, 6 min, 16mm artxibo digitala.

Rosa Maria Antuña. Ez-zinemagile baten atzera begirakoa
Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.