Words of Mercury
Jerome Hiler, 2010-2011, 25 min
Marginalia
Jerome Hiler, 2016, 23 min
Bagatelle I
Jerome Hiler, 2016-18, 16 min
Ruling Star
Jerome Hiler, 2019, 22 min
Jerome Hilerren esanetan, uniformizazio teknikoaren eraginez plastikoki pobretu egin zen beirateen artea, zineman gertatu bezalaxe. Ilargiak islatzen duen argiak, tradizioz «lehen filma» esan izan zaionak, gogora ekartzen digu beirateek katedraletako metaletan eta marmol leunduzko zoruetan islatzen duten argia. Eta argi horrek, aldi berean, zinemako pantailan errebotatzen duen argia dakarkigu gogora, 16 mm-ko proiektoreak igorritakoa. Bere azken filmetan, beirateetan argiaren eta itzalaren arteko interakzioak duen botere natural eta organiko bera bilatzen du etengabe Hilerrek. Polibalentziaren maila guztiak zabaltzen ditu eszena batzuetatik besteetara mozketak eginda, eta, zenbaitetan, bere Bolex kameran egindako esposizio ugari biltzen ditu eszena bakoitzean. Konposizioak pixkanaka garatu eta errebelatzen ditu, ia beti mugimendu geldien bidez, harik eta gainjartzeen energia agortzen den arte; une horretan, planoa desagertu egiten da, pixkanaka eta behin betiko. Eta irudiak eskuz fusionatzen ditu, fotogramaz fotograma urarekin nahastutako hauts ilun batean murgilduta. Hilerren esanetan, beltzak ikusmena berritzen du: ikusmena freskatzen duen kliska moduko bat da, astrofisikariek materia iluna aztertzen duten bezala kosmosa batuta mantentzen duen elementu kohesibo gisa. Eremu ilunei esker, geruzak elkartu, nahastu eta solidotu egiten dira.
Beirateek ez ezik, musikak ere eragin handia du Hilerren zineman, nahi gabe gainera. Hilerrek oso ongi ezagutzen ditu Erdi Aroko, Errenazimentuko eta barrokoko musika, eta ahots bakarreko narrazioak eta aria instrumentalak sumatzen ditu Bachen Nekaldia San Mateoren arabera obrako koruetan eta koru bikoitzetan, analogia hipotetiko bat zinema gidatuko zuen printzipio estrukturalarekin, ez horren urrun bere eraikuntza flotatzaile, fantasia bisual eta forma irekietatik. Hilerren azken filmetan, geruza bakarreko hartualdi labur eta estatikoekin uztatzen dira esposizio ugariko kate luzeak, ikusmena garbitu eta hurrengo gainjartze sortara irekitzeko. Words of Mercury dokumentalaren erritmo kontrapuntistiko hori hizpide hartuta, P. Adams Sitneyk Notre Dameko XII. eta XIII. mendeetako konpositoreen lanarekin alderatu zuen erritmo hori, polifonia konplexu bateko bertso latino kantatuetatik kantu lauko bertsoetara igaro zirenean. 30 metroko bobina bakoitza lau edo bost aldiz filmatzera iritsi zen Hiler, eta prozesu zehatz eta entregatu horretan, itxarotea eta agerkundea, oroimena eta ahanztura, aurkikuntza eta zoria lagun, zinemagileak objektuak, lekuak eta pertsonak argizko irudi bihurtu zituen. Tripodea erabiltzen hasi zenean, horrek lagundu egin zion geruzak agertu, aurrera egin eta desagertzeko erritmoa konstanteago egiten, kolore aldabera, forma eta motibo multzoen inguruan, eta hori dena artikulatzeko moduari esker, badirudi desagertze bakoitza espontaneoa dela.
Pantaila zeharkatzen duten askotariko materialen harikortasun sentsazioarekin batera, geruza bakoitzeko elementuen arteko interakzioak efektu ilusionista bitxia du, batzuetan gainjartze mailen artean sorpasso bat gertatuko balitz bezala, atzean dagoena aurrera etorriz edo pantaila ukitzen ari zela ematen zuen hori atzera joanez. Filmatutako pasarteen eta landutako pelikulak marraztutako patroien arteko erresonantziek sentsazio bera eragiten dute Marginalia edo Bagatelle I filmetan. Lehenengoak faila elektriko hipotetiko bat irudikatzen du kaligrafia ahaztu duen mundu batean, idazkera desagerrarazi arte. Zorizko oihartzunak bailiran, pelikula marratuak durundi egiten du itsas fluxu indartsuetan –olatuen gandorretan–, edo kameraren keinuzko inskripziora garamatza –eskuaren eta eskumuturraren tortsioetara–. Letra etzanek eskuzko idazketaren ikaskuntza berreskuratzen dute, antzinako testuen ertzetan idazten ziren hitz horiek pantailan inpresionatuta. Zinemagileak zuri-beltzeko filmaren gainazala soilik marratzen du –koloretan marra urdin bat izango litzateke, proiektu batek eragindako harramazkaren antzekoa–, beirateak marratzen zituen bezala, eta lerro zuri bakoitzak proiekzioaren argi sorta garbia uzten du agerian.
Bagatelle I filmean, elementu naturalak, horien kadentzia partikularrak eta mugimendu arinak txandakatuta ageri dira pelikula landuaren higidura browndarrarekin. Iraganetik datozen neguko zuhaitzen adar finak, zalantzarik gabe San Frantzisko hostotsuan ez daudenak, edo behin eta berriz ageri diren galburuak zurtoin formako marrekin txandakatuta ageri dira, eta marra horietan, pelikula itzulgarriaren –Ektachrome 100D eta Tri X– berezko ezaugarriak desagertzeak eragindako desesperazio klaustrofobikoa islatzen da. Ruling Star kenduta, Hilerrek horrelako pelikulak erabili zituen film hauek egiteko. Pelikula negatiboaren kolore espektroaren berezitasunak ikastean sortutako nahasmen egoera inplizituak eraginda, ezinezkoa baita pelikula horren gainazala marratzea, eguzkiari erreferentzia esplizitua egiten zaio lan honetan, astroa barne gidaritzat hartuta ziurgabetasun garaietan. Hilerren korronte mentalaren erritmoak adierazteko gaitasuna duen kamera somatikoaren mugimendu dinamikoetan bizirik diraute margolari gisa jasotako prestakuntzaren aztarnek, gorputza action paiting teknikaren abstrakziora eramanez eta arku zabalak marraztuz besoa iristen den neurrian. Zinea inoiz baino gertuago psikearen konpasen translaziotik.
Francisco Algarín Navarro